Otxandio

Nestor Basterretxeak Andikonako bonbardaketan hildakoen omenez eginiko eskultura

Nestor Basterretxeak Andikonako bonbardaketan hildakoen omenez eginiko eskultura

Nestor Basterretxea eskultorearen lana: “Heriotza zerutik etorri zen”.
Udalak, Otxandioko bonbardaketaren 75. urteurrenerako, Andikona plazaren eraberritze urbanistikoari ekin zion eta Nestor Basterretxea eskulturgileari agindu bonbardaketaren lekukotza emango zuen lana egitea, “Heriotza zerutik etorri jakun” deritzana. Bonbardaketatik dator eskulturaren ideia; heriotza zerutik datorrela da eskulturaren ardat​za. Hori dio obrak, hizkuntza abstraktu baina nahikoa garbi batean. Eskultura biolentoa da, sei metro ditu, eta bertikala da. Jauzi ziren bonbak irudikatzen ditu; egilearen iritziz ez da bonbardaketa besteko mingarria, baina gertatu zenaren lekukotasuna ondo ematen du. Modernitatearen baitan egin du Plaza berri horretan arbola batek eskulturari laguntzen dio; arbolak bizitza sinbolizatzen du, eta horrenbestez, bizitza eta heriotza parez pare daude plazan. Eskulturarekin eta arbolarekin batera, bigarren plano batean, Andikonako bonbardaketan hildakoen izenak jasotzen dira burdinazko xafla batean. Otxandioko bonbardaketa: 1936ko uztailaren 22an, altxamendu frankista gertatu eta lau egunera, matxinoek Otxandio bonbardatu zuten, 61 lagun hil eta beste hainbat larriki zaurituz. Penintsulan gertatu zen biztanleria zibilaren kontrako lehen bonbardaketa izan zen honetan, hildakoen gehiengo zabala zibilak izan ziren. Gertakari honek eta ondoren etorri ziren gerra eta gerraondoko urte latzek, belaunaldi oso bat urratu zuten. Nahiz eta zuzenean bizi izan ez, ondorengo belaunaldietako otxandiotarrek ere oso presente izan dituzte gaurdaino. Horren lekuko da, urtero, Andikona plazan (bonbardaketaren eskenatoki nagusian) eraildakoei egiten zaien omenaldia.